Danbor hotsen artean abiatu dituzte Santa Kutz jaiak

Intza Trula 2024ko mai. 3a, 10:45

Atzo, Santa Kutz bezpera, helduen danborrada egin zuten Zestoan jaiei hasiera emateko. Eguraldia lagun, barre algaren artean gogor astindu zituzten danborrak bi ordu inguru iraun zuen desfilean.

Gogotsu eta barre artean hasi zituzten atzo iluntzean Santa Kutz jaiak Zestoan, helduen danborradarekin. 22:30 aldera entzun ziren lehen danbor hotsak herriko zenbait txokotan, eta apurka-apurka elkarte eta talde guztiak batu ziren desfilera. 00:00 aldera heldu ziren lehen danborjoleak plazara, eta azkenak iritsi bezain laster igo zituzten banderak udaletxeko balkoian. Euri tanta bat edo beste erori bazen ere, ateri eutsi zion eguraldiak bi ordu inguruz luzatu zen desfilean.

Gaur, Santa Kutz eguna, Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasi dute eguna, eta 12:30ean meza nagusia izango da parrokian. Jaiak borobiltzeko umeen danborrada egingo dute arratsaldean, 18:00etan.