Antxoa freskoenaz gozatu du frontoi bete jendek

Julene Sorarrain eta Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 3a, 21:55

Antxoa Eguna ospatu dute getariarrek gaur arratsalde-iluntze partean. Aurrena, Gure Txeruko dantzari txikiek dantza emanaldia eskaini diete herritarrei, eta jarraian, antxoak parrillan jateko aukera izan dute ilara luzeak osatu dituzten herritarrek.

Gaur hasita, Antxoa Eguna ospatuko dute asteburu osoan zehar Getarian, eta arratsalde-iluntze partean jendetza elkartu da herriko frontoian, sasoiko arrain zaporetsuaz gozatzeko. Izan ere, ohi bezala, antxoa parrillan eskaini dute, eta janariari laguntzeko, txotxeko sagardoa, txakolina nahiz garagardo artisaua jarri dituzte aukeran.

19:00 aldera zabaldu dituzte jan-edari karpak, eta ilara luzeak sortu dira. Hori bai, itxaronaldia arintzeko, EinGO taldeak musika alaia eta dantzagarria eskaini die bertaratutakoei, eta bat baino gehiago jarri dute beren inguruan dantzan.

Aurrez, 18:30ean, Gure Txeruko dantzari txikiek dantza emanaldia eskaini diete herritarrei frontoian bertan, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta. Gainera, haien aurretik Musika Eskolako trikitilariek ere hainbat pieza jo dute frontoian.

Eguerdian hasi da ofizialki Antxoa Eguna, Zilarrezko Antxoa aipamena ekitaldiarekin. Mayflower jatetxeko Rikardo Antomasek, sagardoari eta sagarri estuki lotuta egon den Zapiain familiak eta azken 40 urteetan Azti fundazioko ikertzaile nagusia izan den Andres Uriartek jaso dute aitortza aurten.

Festak bihar eta etzi jarraituko du. Honakoa da egitaraua:

LARUNBATA

10:00-14:00. Saregileen lanaren erakusketa.
10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. Izen-ematea beharrezkoa.
11:00. Antxoa Eguneko VI. Bela Estropada.
12:00 eta 13:00. Uztartzeak: Txakolina eta baxurako arraina. Izen-ematea beharrezkoa.
12:30-14:00. Antxoaren artisau-kontserba tailerra, Mater itsasontzian.
16:00-18:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. Izen-ematea beharrezkoa.
18:00. Euskal Mitologia haur jokoak, frontoian (giro txarra egingo balu, Kiroldegian).
20:30. Suhar abesbatza, Salbatore Deunaren elizan.


Izan Arrantzale egitasmoa, 6 eta 12 urte arteko umeentzat, portuan:

10:00-11:30. Itsas eskulanak.
11:30-12:30. Itsas esperimentuak.
12:30-14:00. Arrantza tailerra.

IGANDEA

10:00. Arrantzaleen meza, Getariako abesbatzak abestuta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
Ondoren, Itsas Bedeinkapena, Artzapen. Jarraian, itsasoko arrantzale erretiratuei omenaldia. ­­
11:00. Gipuzkoako Trainerilen ligako 3. jardunaldia, XII. Antxoa Eguna bandera.
10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. Izen-ematea beharrezkoa.
12:30-14:00. Antxoaren artisau kontserba tailerra, Mater itsasontzia. Izen-ematea beharrezkoa.
18:00. Urrezko aizkora, frontoian. Bitartean, Deiadar txaranga kaleak girotzen.