Rikardo Antomasek, Zapiaindarrek eta Andres Uriartek jaso dute Zilarrezko Antxoa aipamena

Andrea Zipitria 2024ko mai. 3a, 15:20

Gaur eguerdian Antxoa Eguneko ekitaldi instituzionala egin dute Getariako Cristobal Balentziaga Museoan. Bertan Zilarrezko Antxoa aipamena jaso dute Rikardo Antomasek, Zapiaindarrek eta Andres Uriartek.

Gaur eguerdian Antxoa Eguneko ekitaldi instituzionala egin dute Getariako Cristobal Balentziaga Museoan, eta Zilarrezko Antxoa aipamena jaso dute Mayflower jatetxeko Rikardo Antomasek, sagardoari eta sagarri estuki lotuta egon den Zapiain familiak eta azken 40 urtetan Azti fundazioko ikertzaile nagusia izan den Andres Uriartek.

Aipamena jaso duen lehena izan da Antoamas. "Ustekabean" baina "pozik" hartu du Zilarrezko Antxoa. Duela 50 urte iritsi zen Getariara Antomas –izatez  azkoiendarra (Nafarroa) da– eta ordutik Mayflower jatetxean pasa ditu urte hauetako guztietako ordu gehientsuenak. Bertako produktuaren alde egindako apotsuagatik jaso du aitortza. Erretiroa hartu badu ere, ez du jatetxea urrutitik jarraitzen; bere seme Asierrek hartu dio lekukoa, baina aitortu du noiz edo noiz laguntzera joan behar izaten duela. Aipamena, berriz, emazteari eskaini dio: "duela sei urte utzi zigun, eta berak ere lan asko egin du jatetxean", aitortu du.

Bigarren sariduna izan da Zapiain familia. Azken hamarkadetan zapiandarrak "aitzindariak" izan dira sagardogintzan. Izan du baita itsasoarekin harremana. Izan ere, "XVI. mendean hasi ziren sagardoa ekoizten, besteak beste, baleontzietarako sagardoa egiten zuten, eta marinelek trukean balea koipea ematen zieten", azaldu du aitorpenean gidaritza lanak egin dituen Xabier Euzkitzek. Zapian familiaren izenean oroigarria hartu duena izan da Bittor Zapiain. Negozioak negozio, Bittorrek badu Getariako portuarekin harreman estuago bat. Bertan maitemindu zen: "duela 49 urte Getariako moilan ezagutu nuen neskatxo bat. Ezkondu egin ginen, eta Astigarragara etortzea lortu nuen, erraza izan ez bazen ere", esan du. 

"Aurrerapenarekin, teknologiarekin hertsiki lotuta dago hirugarren sariduna". Hain zuzen, bera izan da azken 40 urtetan Azti fundazioko ikertzaile nagusia; Andres Uriarte. Erretiroa hartu berri du Uriartek, eta saria emateagatik "oso eskertuta" dagoela adierazi du. Antxoarekin lanean urte asko eman dituela aitortu du, horregatik "oso pozik" hartu du garaikurra.