Hondartzako yoga ikastarorako izen ematea zabalik dago Emakumeon Etxean

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 3a, 15:00

Jabetze eskolen barruan, hondartzan egingo den yoga ikastaroa prestatu du Zumaiako Emakumeon Etxeak. Lau saio izango dira, maiatzaren amaiera eta ekainaren erdira bitartean, eta interesdunek aurrez eman beharko dute izena. 

Hondartzako yoga ikastaroa emango du Yoana Iturain Aizpuruak, Zumaiako Emakumeon Etxeak prestatutako jabetze eskolen barruan. Lau saioz osatuko da ikastaroa, eta astelehen goizetan emango da: maiatzaren 27an, ekainaren 3an, 10ean eta 17an, denak ere 9:30etik 11:30era. 

Saio bakoitzak gai konkretu bat landuko du. Lehen saioak Lurra: biziari sustraitu du izena eta parte hartzaileek lurrarekiko sentimendua indartuko dute. Bigarren saioko gaia Sua: ekintzarako piztu izena du, eta norberaren barruko sua piztuko dute, "energiaz betetzeko eta autoestimua, konfiantza eta borondatea gure desira eta nahien bidelagun izan daitezen". Ura: jariatu jarraitzeko izango da hirugarren saioko gaia, eta elementu horren mugimenduan, arintasunean, malgutasunean eta sendotasunean oinarritutako praktika izango dela dio irakasleak. Amaitzeko, laugarren saioaren izena Airea: gorputzaren eta buruaren arteko oreka izango da. Antolatzaileen arabera, egonkortasun hori "arnasketa kontzientean, arreta osoan eta buru positiboan oinarritutako sekuentzia batean" aurkituko dute parte hartzaileek.

Ikastaroan parte hartu nahiko duten lagunek aurrez izena eman beharko dute Emakumeon Etxean bertan, telefonoz 633 43 27 62 telefonora deituta edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus posta elektronikoko helbidera idatzita.