"Laguntasunaren inguruko antzezlana egiteko gogoa genuen"

Gorka Eizagirre - Juan Luis Romatet 2024ko mai. 3a, 12:00

Promesa berdina egingo diegu lagun guztiei antzelana aurkeztuko dute Intza Alkainek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995) eta Maite Aizpuruak (Zumaia, 1990) asteburuan Donostian.

Donostian egiten den Poltsiko Antzerkia jaialdiko Sorkuntza saria jaso zuten iazko udazkenean Maite Aizpuruak eta Intza Alkainek. Maiatzaren 17an aurkeztuko dute lana jaialdi horretan, baina asteburu honetan izango dute estreinaldia bi saiorekin; biak ere Donostian izango dira: gaur Kontadores zentroan, eta bihar Tabakalerako tabernan. Lana prestatzen aritu dira biak aste honetan Aita Mari aretoan.

Promesa berdina egingo diegu lagun guztieida zuen antzezlan berria. Zein da egiten duzuen promesa hori?

MAITE AIZPURUA: Antzezlanaren ardatza laguntasuna da. Ikusten genuen betirako laguntasun hori bazela promesa bat edo klabe bat, baina heltzen zoazen heinean laguntasun horrek beste aurpegi batzuk erakutsi edo beste forma batzuk hartzen dituela. Promesa hori ezinezkoa da, eta pentsatzen genuen bazela klabe bat laguntasunari buruz hitz egiteko.

INTZA ALKAIN: Ulertzen da promesa hori eginda dagoela, laguntasunak dakarren zerbait dela. Baina urteak aurrera doazen heinean ezin da mantendu, eta saiatzen gara mantentzen ezinezkoa bada ere. Horren inguruko hausnarketatik abiatu genuen antzezlana.

M. A. : Laguntasuna promesaz betetako harremana da. Aldi berean, legeztatu gabe dagoen harreman bakarrenetakoa da. Ez dago lagun txarra izan bazara epaituko zaituen zigor koderik. Ezin duzu legeztatu laguntasun harreman bat, ezta hark dakartzan betebeharrak edo eskubideak ere.

Poltsiko Antzerkiko Sorkuntza saria jaso zenuten F edo zurekin izan nuen azken ravea lanarekin. Aurkeztuko duzuen lan hau antzezlan bera al da?

M. A. : Proiektu hau nik hasi nuen, ikusten nuelako laguntasunarena gaia potentea zela bai pertsonalki, bai sozialki, eta horren inguruko antzezlan bat egiteko desioa nuen. Orduan Intzari deitu nion eta berak ere gogoa zuela nabaritu nuen. Mejillon Tigre kolektiboarekin elkartu ginen. Adostu genuen egonaldi bat egitea idazketa dramatikora bideratuta; bakoitza bere diziplinatik eta bere lan metodologiatik aritzeko, baina elkarrekin. Hasieran proiektuak izena zuen Forever lagunekin bakarrik tatuatu daiteke, lehen esandako promesa horri erreferentzia eginez. Gero eboluzionatzen joan da. Bazegoen beste antzezlan bat Forever izenarekin, eta aldatu egin behar izan genuen.

Antzezlan hauek ekoizteko diru iturriak behar izaten ditugu. Kasu honetan, Egile saria irabazi genuen testu bat idazteko. Gero etorri ziren beste laguntza batzuk antzezlana gorpuzteko baliagarriak izan zaizkigunak. Horietako bat izan zen Poltsiko Antzerkikoa, eta orduan erabaki genuen egindako testu horiek guztietatik zati bat hartu eta formatu txikiko zerbait egingo genuela, bi aktorerekin. Lan horretan aritu gara Mejillon Tigreko Eider [Perez] eta Ane [Garcia] eta gu biok. Horrez gain, Matxalen de Pedro zuzendaritzan aritu da, eta Edurne Azkaratek kanpo begiradarekin lagundu digu. Proiektu handiago baten parte da hau. Poltsiko Antzerkian formatu txikiko lan bat aurkeztuko dugu, baina ikusi genuen, laguntasunarena hain gai potentea izanik, izan zezakeela jarraipena; egin daiteke aretoko antzezlan bat, aktore gehiagorekin eta benetako lagun talde batekin.

Aipatzen duzuen laguntasunaren gai hori drama gordin edo komedia zoro bezala landu daiteke. Zuek zer genero aukeratu duzue?

I. A. : Zer tonu izango duen, norantz joango garen, ez dugu abiapuntutzat hartu. Laguntasunak alderdi asko ditu, eta batzuek barrea eragiten dute, gure buruaz barre egiten dugu, baina beste batzuetan oso serio jartzen gara. Laguntasunak dituen ertz horietako batzuetatik pasatuko gara.

M. A. : Eszenara eramaten duguna ulertzeko modu komun bat dagoela esango nuke. Ez dago genero konkretu bati lotuta; kontrasteak agertzen diren bidaia bat egiten dugu. Batzuetan gauza serioak esaten ditugu arinkeria handiarekin, eta beste batzuetan gauza arinei kristoren pisua ematen diegu. Kode nahasketa bat dago, justu laguntasunak ezaugarri hori duelako.

Zuek biok zarete protagonistak. Aurrez elkarrekin lan egin al duzue?

M. A. : [Gasteizen] enkargatu ziguten Euskal Herriko antzerkiaren inguruko hausnarketa sakon bat egiteko, eta guk pailazoarena egin genuen. Tailer performatibo bat prestatu genuen.

I. A. : Hori izan zen zerbait elkarrekin egin genuen lehen aldia. Jarri ziguten norabidea ez genuen bete, eta orain bigarren aukera eman diogu gure elkarlanari. Baina esan dezakegu lehen aldiz aritu garela elkarlanean, eta erraza izan da. Orain erakutsiko dugun pieza honetara arteko prozesua oso konprimitua izan da, oso denbora gutxian egin dugu. Berez zaila bada ere, arina izan da, ondo ulertu gara. Bestela ezinezkoa izango zatekeen.

M. A. : Taldeko gainontzeko kideekin lana egitea ere erraza izan da. Uste dut badaudela klabe batzuk: bat izan da intuizioari tarte handia uztea; bestea, laguntasunak denon lanean leku handia duela ulertzea; eta, azkenik, laguntasunaren sorreraren prozesu bat ere bizi izan dugu.

Obraren zuzendari ere bazara, Maite. Agertokian eta handik kanpo ariko zara. Erraza egin al zaizu bi aldeetan egotea?

M. A. : Askotan, fitxa artistikoak bidaltzen ditugunean, eskema klasikoetara moldatu behar izaten dugu. Lanean norekin ari zarenaren arabera, lan metodologia desberdina izaten da. Kasu honetan jaialdirako prestatu behar genuen, azkar ibili behar genuen, eta Matxalenek zein Intzak ere zuzendaritzan parte hartu dute. Nahiko zuzendaritza kolektiboa izan da, prozesuak hala eskatzen zuen eta.

Antzezlanaren gaia den laguntasun hori bizitza errealera eraman duzuela dirudi.

I. A. : Iruditzen zait hala ulertzen dugula lana. Aldarrikatzen dugun laguntasun edo zaintza horretatik ez bada, ez dut ulertzen edo, behintzat, zaila egiten zait lan egitea.

M. A. : Bestela ez genuke egingo. Niretzako luxua da horrela lan egitea: zerbait ari zara lantzen, interesgarria den jendearekin eta zuk ere ekarpen bat egin dezakezu. Gaia artistikoki lantzea da niretzako baliotsua, beste bide batetik joanda ez dudalako hainbeste konektatzen. Egin ahalko nuke laguntasunaren inguruko tesia, baina nahiago dut antzezlan formatuan egitea. Hori bai, lan asko eskatzen du, tentsio une asko izan ohi dira, zure aldetik asko jarri behar duzu... Laguntasunetik asko izan behar da, eta ni oso pribilegiatuta sentitzen naiz.