VI. Ipuin Lehiaketara aurkeztutako lanen irakurketa eskainiko dute Arroabean asteartean

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 3a, 15:53

Arroabeko VI. Ipuin Kontaketaren sari banaketa ekitaldiko taldeko argazkia. (Ezkaizto auzo elkartea)

Ipuinen katea izena jarri diote ekitaldiari eta Eskola Zaharrean egingo dute, 17:30ean hasita. Ipuinen egileen zein beste herritar batzuen ahotik entzun ahalko dira lehiaketara aurkeztutako ipuinak.

Joan den apirilaren 17an banatu zituzten Ezkaizto auzo elkarteak eta Arroabeko eskolak Arroabeko VI. Ipuin Lehaketaren sariak, baina aurtengo lehiaketaren ibilbidea ez zuten horrekin itxi. Batetik, eskolako webgunean ez ezik, aurten ipuin guztiak koaderno batean jaso eta nahi duen ororen eskura jarri dituzte Txara dendan. Eta, orain, Ipuinen katea izenarekin, ipuin irakurketa antolatu dute.

Datorren asteartean, maiatzaren 7an, VI. Ipuin lehiaketara aurkeztutako 33 lanak irakurriko dituzte Eskola Zaharrean; ipuinen egileek beraiek irakurriko dituzte batzuk, baina beste herritar batzuek ere parte hartuko dute ipuinen irakurketan. 17:30ean hasiko da ekitaldia, eta Ezkaiztok eta Arroabeko eskolak "auzotar guztiak gonbidatu" dituzte bertara.