Zestoa-Urepele proiektuaren barruko bigarren etapa antolatu dute maiatzaren 11rako

Nerea Uranga 2024ko mai. 2a, 13:12

Goizueta eta Labaien artean 23 kilometroko ibilaldia egingo dute, eta bertan parte hartzeko izena maiatzaren 8a baino lehen eman beharko da Zestoako Kiroldegian. Zestoako Udalak eta Agiro mendizale taldeak antolatu dute.

Zestoa eta Urepele senidetzen dituen proiektuaren barruan, bi herriak lotuko dituen etapaz etapako egitasmoko bigarren ibilbidea egingo dute maiatzaren 11n, larunbatean, Zestoako Udalak eta Agiro mendizale taldeak antolatuta. Goizueta eta Labaien arteko 23 kilometroko ibilaldia izango da. 07:30ean irtengo dute Zestoan Gurutzetik.

Ibilaldian parte hartzeko izena maiatzaren 8a baino lehen eman behar da Zestoako Kiroldegian, 10 euro ordainduta (bazkaria aparte). Bazkaria Labaiengo jatetxe batean izango dela azaldu dute antolatzaileek, baina bazkariaren prezioa zehaztu gabe dutela.

Egitasmoko aurreneko etapa apirilaren 20an egin zuten, Andoain eta Goizueta artean 22 kilometroko ibilbidea osatuz.

Zestoa eta Urepele (Nafarroa Beherea) herriak iazko azaroan senidetu ziren; azaroaren 18an sinatu zuten senidetza akordioa Zestoan, eta azaroaren 27an egin zuten Urepelen.