Arroako IV. Txirrindularitza Saria jokatuko da igandean

Nerea Uranga 2024ko mai. 1a, 11:43

Arroako II. Txirrindulari Sariaren irteera.

16:30ean hasiko dute txirrindularitza proba Sansinenea industrialdetik, eta parte hartzaileek 51 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Arroabea, Narrondo, Oikia, Aizarnazabal eta Iraeta artean.

Igandean, maiatzaren 5ean, jokatuko da Arroako IV. Txirrindularitza Saria. Txirrindulariek 16:30ean irtengo dute Arroako Sansinenea industrialdetik, eta 51 kilometroko ibilbidea egin beharko dute Sansinenea industrialdean bertan egongo den helmugara iritsi arte. Zakila Bira bezala ezaguna den ibilbidea hiru aldiz egin beharko dute, hau da Sansineneatik irtenda, Arroabera joango dira, eta handik Narrondo, Oikia, Aizarnazabal eta Iraeta arteko bidea egingo dute. Hirugarren eta azken itzulian, Presaldetik Arroagora aldera egingo dute txirrindulariek.

Sari banaketa 18:00 inguruan egitea aurreikusi dute probaren antolatzaileek, Sansinenea industrialdean bertan.