Aldaketak izango ditu Zestoako Lurraldebus zerbitzuak erabiltzaileen beharretara hobeto egokitzeko

Intza Trula 2024ko api. 30a, 17:30

Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua, mugikortasunaren inguruko bileraren ostean. (Zestoako Udala)

Udalerriko Lurraldebusen ibilbideak zabaltzea eta Aizarnako eta Arroako autobus zerbitzua Mugi sistemaren barruan sartzea eskatu ditu Mikel Arregi Zestoako alkateak. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eskaera horiek aztertzeko konpromisoa hartu du.

Erabiltzaileen beharretara hobeto egokitzeko aldaketak egingo dituzte Zestoako Lurraldebus zerbitzuan; hala adostu dute Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak, udalerriak dituen mugikortasun beharrak mahai gainean jarri ostean. Batetik, udalerriko Lurraldebusen ibilbideak zabaltzea eskatu du Arregik, eta bestetik, Aizarnako eta Arroako autobus zerbitzua Mugi sistemaren barruan sartzea, "auzotarrek ere garraio publikoa izan dezaten".

"Garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko ari gara lanean egunero eta horretarako egokitzapenak egin behar izaten ditugu etengabe, gure eskaintza gipuzkoarren beharretara egokitzeko", adierazi du Dominguezek. Zera gehitu du: “departamentuan herritarrek egiten dizkiguten eskaerak aztertzen jarraituko dugu, gero eta jende gehiagok erabil dezan garraio publikoa joan-etorriak egiteko".

Ildo beretik, Arregik Elgoibarrerako (Gipuzkoa) eta Eibarrerako (Gipuzkoa) bidaiak aipatu ditu: "Gero eta gehiago dira Elgoibarrera eta Eibarrera joaten diren zestoar ikasleak; beraz, garrantzitsua litzateke Zestoa eta Deba bailararen arteko eguneroko lotura zabaltzea".