Udaberriko Lurra Taupaka Festa egingo dute maiatzaren 11n Amillubin

Maialen Etxaniz 2024ko api. 30a, 16:48

Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren sustatzaileak. (Amillubi)

Egun osorako egitaraua antolatu dute. Besteak beste, Amillubi proiektua ezagutzeko bisita gidatua, bakarrizketak, kontzertuak eta jolasak izango dira egunean zehar. Dagoeneko eros daitezke sarrerak Interneten.  

Amillubi Lurra Taupaka egitasmoak festa berezia antolatu du maiatzaren 11rako. Hain zuzen, Udaberriko Lurra Taupaka Festa egingo dute egun horretan, larunbatez, Amillubin bertan. Egitasmoaren helburuetako bat bada proiektua gizarteratzea, eta horretarako bisita gidatua egingo dute goizean zehar.

Eguerdi eta arratsaldean, berriz, askotariko kultur ekintzak egingo dituzte. Besteak beste, Enekoachekin Lurrarekin konexioa saioa, baso bainu-ibilaldia, poteo musikatua, bazkaria, clown ikuskizuna, Mejillon Tigre kolektiboaren poesia errezitaldia, Gregoren bakarrizketa eta 3zur, Pelax eta Babarrunba taldeen kontzertuak izango dira maiatzaren 11n. 

Antolatu dituzten ekintza guztiak Amillubi baserrian eta hango lurretan egingo dituzte, eta horregatik, ibilgailuak Iraetako futbol zelaiko aparkalekuan utzi beharko dituzte bertaratzen direnek. Amillubira oinez joateko ibilbidea ondo seinaleztatuta egongo da. Iraetako futbol zelaitik baserrira 5-10 minutu daude oinez. Mugikortasun arazoak dituztenentzat, berriz, garraio zerbitzua egongo da Iraetako aparkalekutik Amillubira, maiztasunez.

Edozein zalantza dutenek Amillubikoekin harremanetan jar daitezke info@amillubi.eus helbidera idatzita edo 943-76 14 47 telefono zenbakira deituta.

Sarrerak salgai jarri dituzte honako lotura honetan. Sarrera mota desberdinak egongo dira. Egun osoko txartela 20 euro ordaindu beharko da; goiz pasa 10 euro; arratsalde pasa 15 euro eta bazkaria soilik 10 euro. 

Hona hemen egitaraua, osorik: 

  • 11:00etan: Amillubi egitasmoaren aurkezpena eta bisita.
  • 12:00etan: Enekoachekin Lurrarekin konexioa saio umoretsua, Antton Telleriaren eskutik. Ordu berean, Baso bainu-ibilaldia Tantai Kooperatibaren eskutik.
  • 13:30ean Poteo musikatua, EHko Batukada Feminista Sareak gidatuta.
  • 14:30ean Bazkaria.
  • 15:30ean Umeentzako clown ikuskizuna Itziar Saenz de Ojeren eskutik.
  • 16:30ean Bakarrizketa umoretsua GREGOren eskutik (Beatriz Egizabal). 
  • 17:30ean Mejillon Tigre kolektiboaren errezitaldia.
  • 18:30ean Kontzertuak: 3zur, Pelax eta Babarrunba taldeekin.

Egunean zehar, gainera, umeentzako txokoa egongo da.