Santa Kutz jaiak ospatuko dituzte ostegunetik aurrera Zestoan eta Ibañarrietan

Intza Trula 2024ko api. 29a, 11:00

Artxiboko irudian iazko Santa Kutz jaiak, Ibañarrietan.

Zestoan ostegunean eta ostiralean ospatuko dituzte jaiak; Ibañarrieta auzoan, berriz, larunbaterako eta iganderako egitaraua prestatu dute.

Heltzear dira Santa Kutz jaiak Zestoara eta Ibañarrietara. Hain justu, Zestoan ostegunean eta ostiralean izango dira festak, eta besteak beste, helduen zein haurren danborradak egingo dituzte; Ibañarrieta auzoan, berriz, larunbaterako eta iganderako askotariko jarduerak prestatu dituzte helduen zein haurren gozamenerako. 

Zestoan, maiatzaren 2an, ostegunean, kalejirarekin ekingo diote festei: Idiakaitz Txistulari taldeak, Azpeitiko Bandak eta Zestoako Musika Bandak elkartuta alaituko dituzte kaleak. Gauean, ohikoa denez, helduen danborrada egingo dute kaleetan zehar. Honako elkarteek eta taldeek hartuko dute parte: Ipintza eta Lauiturri (Zumai txaranga); Aldrebesak eta Atabalak (Azpeitiko banda); Trapuzarrak eta Zitxontarrak (Ustekabe txaranga); Gure Txokoa eta Gaztetxea (Zestoako banda). Danborrada amaitzean Ustekabe txarangak girotuko du gaua. Maiatzaren 3an, ostiralean, Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko dute eguna, eta 12:30ean meza nagusia izango da parrokian. Jaiak borobiltzeko umeen danborrada egingo dute arratsaldean.

Ibañarrieta auzoan, maiatzaren 4an, larunbatean, bertso afariarekin abiatuko dituzte festak, Ekain sagardotegian.  Bertso afarirako izena emateko 943-14 80 33 edota 649 32 64 28 telefono zenbakietara deitu daiteke. Maiatzaren 5ean, igandean, Santo Kristoren ermitan meza eta Zapo Jokoa izango dira eguerdi partera. Ondoren, arratsaldean, Iago Mago magoak magia ikuskizuna eskainiko du, eta festak amaitzeko herri kirol erakustaldia antolatu dute. Honako kirolariek hartuko dute parte: Jon Unanue Goenatxo III eta Xabier Arambururen Guzta harri jasotzaileak eta ondoren Mikel Larrañaga eta Eneko Otañoren aizkora lanak izango dira.

Honakoa da Zestoako Santa Kutz jaietako egitaraua:

Maiatzak 2, osteguna:

  • 19:00. Kalejira Idiakaitz Txistulari taldearekin, Azpeitiko Bandarekin eta Zestoako Musika Bandarekin.
  • 22:30. Helduen danborrada.
  • Ondoren, Ustekabe txaranga.

Maiatzak 3, ostirala:

  • 10:30. Idiakaitz Txistulari taldearen diana.
  • 12:30. Meza Nagusia, parrokian.
  • 18:00. Umeen danborrada.

Honakoa da Ibañarrietako Santa Kutz jaietako egitaraua:

Maiatzak 4, larunbata:

20:30. Bertso afaria Ekain sagardotegian, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina bertsolariekin. Afarirako izena emateko 943-14 80 33 edota 649 32 64 28 telefono zenbakietara deitu daiteke.

Maiatzak 5, igandea

  • 12:00. Santo Kristoren ermitan meza.
  • 12:30. Zapo Jokoa.
  • 17:00. Iago Mago magoa.
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia. Honako kirolariek jardungo dute bertan: Jon Unanue Goenatxo III eta Xabier Arambururen Guzta harri jasotzaileak eta ondoren Mikel Larrañaga eta Eneko Otañoren aizkora lanak izango dira.