TAO ordenantza berritzea onartu dute, Hegoaldeko aparkalekua xede hartuta

Aritz Mutiozabal 2024ko mai. 3a, 10:20

Hegoalde eremuan 400 ibilgailurentzat aparkalekua atonduko dute. (Aritz Mutiozabal)

Aurreko asteko osoko bilkuran eman zioten hasierako onespena EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu desados agertu zen, "nahasgarriagoa" eta "kanpotarrei begirakoa" dela iritzita.

Udalerriko bide publiko jakin batzuetan ibilgailuen aparkalekua arautzeko ordenantza –TAO sistema– berritzeari hasierako onespena eman zioten aurreko astean, apirileko udalbatzarrean, udal gobernuko kideen babesarekin. Ordenantza eguneratzearen arrazoi nagusia Hegoalde eremuko aparkaleku berria izan da. Aurki, ekaina alderako, obrak amaituta egotea eta jada erabilgarri izatea espero du udal gobernuak. Halaxe arrazoitu zuen Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak, eta aurrez iragarri zuten moduan, aparkalekuak 400 ibilgailurentzako tokia izango du. "Zalantzarik gabe, oso ongi etorriko zaie denei, batez ere, Zarauzko bizilagunei", zehaztu zuen Basurkok.

Eguneratze hori aprobetxatuz, ordenantza berrikusi dute enpresa kudeatzailearekin eta udaleko mugikortasuneko talde teknikoarekin. Era berean, herritarren parte hartze prozesuan jasotako 23 proposameni erantzun dietela jakinarazi zuen zinegotziak. Ondorioz, moldaketa jakin batzuk egin dizkiote orain arte zegoen ordenantzari.

Aldaketa aipagarrien artean, honako hauek nabarmendu zituen: Lapurdi, Herrikosoro eta Aitza kaleetan 1. zenbakidun bineta duten biztanleek ere aparkatu ahal izango dute; gremioek bineta berezia lortzeko aukera izango dute, bizilagunei zerbitzua eman ahal izateko; eta osasun zentroko aparkaleku denbora eta doako txartela 30 minutura luzatu dute. Horiekin batera, Hegoaldekoak sasoiko aparkaleku bezala funtzionatuko luke, aurrez Messil eremukoak funtzionatzen zuen moduan.

Oposizioa kritiko

EH Bilduko udal taldea nahiko kritiko agertu zen ordenantzaren aldaketarekin; 2021ean egin zen aldaketarekin desados agertu ez ziren bezala, oraingoan kontra bozkatu zuten. "TAOk helburu ezberdinak ditu: alde batetik, trafikoa gutxitzeko eta erregulatzeko balio behar du, eta, bestetik, egoiliarrei etxetik gertu aparkatzeko erraztasunak eman behar dizkie. Gure iritziz, hasiera hartan egindako aldaketek ez zuten hobekuntzarik ekarri bi arlo horietan", azpimarratu zuen koalizioko bozeramaile Itziar Muruak.

Sasoi hartan zazpi eremu izatetik bira mugatu zuen udal gobernuak TAO zerbitzua. EH Bilduk orain gobernuari leporatu dio ohartu dela bi guneekin ez dagoela "nahikoa zehaztasun". Adibidez, Vista Alegre auzorako berezitasun bat ezarri dutela azaldu zuen Muruak, eta lehen zonaldekoak bigarrenean aparkatzeko aukera ere izan zuen aipagai. "Horrekin, azken finean, eremu berriak planteatzen ari zarete, gune horiei izenik eman gabe. Gainera, iruditzen zaigu nahasgarriagoa dela".

Planteatutako zenbait aldaketa "zarauztarrei zuzendutakoak izan beharrean, kanpotarrei begirakoak" direla iritzi dio Muruak. "Horren adibide gisa, Zarautzen etxebizitza baten jabe izan, baina herrian erroldatu gabea denak bere ahaideentzat bigarren bineta bat eska dezake, betiere baldintza batzuk beteta. Aldiz, bertakoak garenok ezin dugu herrian erroldatuta ez dagoen familiako norbaitentzat binetarik eskatu", kexatu zen EH Bilduko udal bozeramailea.

Bestalde, koalizioaren esanetan, ordenantzak egoiliar bereizgarria edo aparkaleku txartel berezia emateko aukera uzten dio udalari, betiere salbuespen edo kasu berezietarako. "Guk logikoa ikusten dugu hori. Hala ere, beharrezkoa ikusten dugu hori aztertzea; izan ere, gaur egun ematen zaion erabilerarekin ez gaude ados. Ez zaigu ondo iruditzen udaltzainek beraien lanerako erabiltzen dituzten txartel horiak haien auto pertsonaletarako izatea, edo ikastetxe bateko langileek eremu jakin batean aparkatzeko baimena izatea. Batzuek duten baimena guztiek eduki beharko lukete, edo guztiek atera beharko lukete udako txartela".

Basurkok erantzun zion zazpi guneetatik bira murrizteko erabakiarekin "asmatu" egin zutela, eta herritarrek eskertu egin diotela hori. Ordenantzaren aldaketak Hegoaldeko aparkalekua duela oinarri azpimarratu zuen, eta hori horrela, idatzia gainbegiratzeko baliatu dutela, "zegoen moduan baino argiago uzteko". Orain, jendaurrean jarriko den epean, herritarrek alegazioak egiteko aukera izango dute, eta horren arabera, ordenantza molda dezaketela adierazi zuen zinegotziak. EH Bilduk aurkeztutako bigarren binetaren eskaera ere aztertuko dutela jakinarazi zuen.