Hamaika ekintza eskainiko dituzte asteburuaz familia artean gozatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 1a, 10:00

Ezkerretik hasita Natalia Diez-Caballero Hirukideko zuzendaria, Martin ArgiƱano Zurekin elkarteko kidea eta Leire Arana Turismo zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Udalak Familia Giroan egitasmoa antolatu du hirugarrenez eta gaur emango dio abiatuko du. Edonola ere, larunbaterako eta iganderako utzi dute sorta handiena, era, Hirukide elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko baliatuko du aukera.

Familia turismoa sustatu asmoz, Zarauzko Udalak Familia Giroan egitasmoa antolatu du hirugarren urtez jarraian. Hori horrela, egitarau zabala prestatu du asteburu osoan egiteko orotariko proposamenekin. Dena den, gaur ere izango da zeregina, Baso bainua saioa antolatu baitu udalak jaieguna baliatuta. Azaldu duenez, "esperientzia sentsoriala da, eta, inguru naturaletan murgilduz, eguneroko bizimodu azkarra arintzea du xede". Vista Alegren egingo dute, 11:00etatik aurrera, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena turismo bulegoan, edukiera mugatua duelako jarduerak.

Nolanahi ere, gaurkoa asteburuko ekitaldi sortaren atarikoa baino ez da izango, larunbaterako eta iganderako utzi baitituzte Familia Giroan egitasmoko jarduera gehienak. Leire Arana Turismo zinegotziak gogoratu duenez, "familia turismoa erakartzeko udalak herriko hainbat eragilerekin egindako lanketatik jaio zen Familia Giroan eguna 2022an, eta, egitasmoa sendotzera dator hirugarren edizioa". Asmo horrekin, hain justu, "egitarau oparoa" osatu dutela azpimarratu du zinegotziak: "Gure herria erreferentea da familia turismoaren merkatuan, eta hala izaten jarrai dezan nahi dugu. Horregatik, Zarautzek eskaintzen dituen elementuez gozatzeko aukera berezia eskainiko dugu: kirolaz, abenturaz, puzgarriez, mahai jokoez, kulturaz, musikaz...". 

Hari beretik, Aranak azaldu du Turismo departamentuak lantalde publiko-pribatua sortu duela Zarautz "helmuga bikain" gisa indartzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko. Aipatu taldeak hainbat ekintza "interesgarri" garatu dituela ere zehaztu du, eta jada gehitu dituztela familiei zuzendutako eskaintzara, gainera. Bada, berrikuntza horien artean dago Azken Balea jolas interaktiboa edota herriko mapa xehea: "Begiratu bakar batean familiek argi eta garbi ikusiko dute zein diren gurean egin ditzaketen ekintza nagusiak zonaldearen arabera". Horrez gain, liburuxka digitala ere sortu dute herriko zerbitzuei buruzko informazioa emateko.

Familia Giroan egitasmoari berari erreparatuta, bestalde, zinegotziak nabarmendu du "aniztasun funtzionala duten familientzat eta haurrentzat egokitu" dituztela hainbat jarduera: "Igandeko Argigrama eta sendabelarren tailerrek zeinu hizkuntzaren interpretatzaile bat izango dute".

Hirukideren 25 urteko jaia

Udalak Zurekin ostalari elkartearen eta Murkil dendari elkartearen laguntza izan du, beste behin, Familia Giroan egitasmoa prestatzeko, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kide ugariko familien Hirukide elkartea ere batu zaie aurtengoan. Mende laurdena bete du Hirukidek, eta Zarauzko egitasmoa baliatu nahi izan du urteurren berezia ospatzeko.

Hori horrela, Zarautzera bertaratzeko deia egin die elkarteak bere bazkideei. Horretarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalerritatik autobus zerbitzua eskainiko du, gainera, eta egun berean itzultzeko edota gaua herrian igarotzeko eta igandean itzultzeko aukerak emango ditu.

Halaber, bazkideei espresuki zuzenduriko hainbat ekintza prestatu ditu elkarteak. Larunbatean izango dira gehienak, eta, besteak beste, surf eta boleibol ikastaroak jasotzeko edota bisita gidatuetan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, deskontuak izango dituzte hainbat saltokitan, baita ongietorri saskia, askaria eta oroitzapenezko kamiseta ere.

Hirukidek giza mosaikoa ere egingo du larunbatean bere 25. urteurreneko festaren barruan, eta jakinarazi du parte hartzen duten bazkideek oparia jasoko dutela. Horretarako, dena den, aldez aurretik izena emateko eskatu die elkartearen webgunean: hirukide.com. Gainerako ekintza guztiei buruzko informazioa ere bertan izango dute.

Egitaraua:

Gaur, asteazkena

  • 11:30-12:30. Baso bainua. Vista Alegre parkean (*).

Maiatzak 4, larunbata

  • 08:30. Plaieroetako finalak (helduen txapelketakoak eta eskola kirolekoak). Hondartzan. 
  • 11:00-14:00. Puzgarriak, ludoteka, tailerrak, familian egiteko jolasak eta herri kirolak. Itsas pasealekuan. 
  • 12:00-13:30. Ipuin kontalaria. Itsas pasealekuan.
  • 15:30-18:30. Orienting erronka. Herrian osoan (*). 
  • 16:00-19:00. Jolas Molaz mahai jokoak. Frontoi Txikin.
  • 16:00-20:00. Puzgarriak, ludoteka, tailerrak, familian egiteko jolasak eta herri kirolak. Itsas pasealekuan. 
  • 18:00-19:00. Partyman musika emanaldia. Itsas pasealekuan.
  • 18:00-19:00. Erraldoiak eta buruhandiak. Herrigunean. 
  • 19:00-20:00. Skate erakustaldia. Skate parkean.
  • 19:30-21:00. Txorotxaranga ikuskizun ibiltaria. Herrigunean.

Maiatzak 5, igandea

  • 10:00-11:30. Argigrama sormen lantegia. Torreoian (*). 
  • 10:00-11:30. Sendabelarren koadernoa tailerra. Vista Alegre parkean (*). 
  • 10:30-12:00. Baso bainua. Hondartzan (*).
  • 11:00-13:30. Ohikoa da naturaz gozatzea irteera gidatua. (Aniztasun funtzionala duten haur, gazte eta familientzat) (*). 
  • 11:30-14:00. Puzgarriak. Itsas pasealekuan, Lege Zaharren Enparantzan eta Santuiturrin.
  • 16:30-17:30. Bisita gidatua: Santa Maria la Real monumentu multzora (*). 
  • 17:00-19:30. Puzgarriak. Itsas pasealekuan, Musika Plazan, Lege Zaharren Enparantzan. eta Santuiturrin.
  • 18:00 - 19:00. Sentsazioak magia ikuskizuna, Hogei magoaren eskutik (4 euro). Modelon.

(*) ikurra duten ekintzetan beharrezkoa izango da aurrez izena ematea 943-83 09 90 telefonora deituta edo turismoa@zarautz.eus helbidera idatzita. Plazak mugatuak izango dira ekintza horietan.