Lanarteak agerraldia egingo du gaur sortzaileen inurri lana aldarrikatzeko

Julene Sorarrain 2024ko api. 30a, 10:00

Xanti Agirrezabala, Erika Olaizola, Amagoia Gurrutxaga, Harkaitz Cano eta Ander Mujika podkastaren grabaketan. (Kulturaz Kooperatiba)

Zarauzko Frontoi Txikin jarri dute hitzordua, 18:30ean. Besteak beste, Jose Luis Otamendi, Lizar Begoña eta Andoni Tolosa Morau-k hartuko dute parte ekitaldian.

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak agerraldia antolatu du gaur Zarautzen, maiatzaren lehenaren bezperan. Egun hau ez dute kasualitatez aukeratu. Izan ere, Lanartea sortu zenean irabazi asmorik gabeko erakunde bat zen, baina bere bokazioa sindikatuarena da. Intersektorial moduan definitzen da. Kultura euskaraz eta euskaratik egiten dutenen bilgune bat sortu nahi dute, beraien lanen eta bizi baldintzen alde egiteko asmorekin. Disziplina bakoitzak bere ezaugarriak ditu baina denak batzen dituen problematika handi bat ere badago, beraz batasuna sustatu eta kolektibitatea indartu nahi dute.

Inurria ttirrittaka izenburua jarri diote agerraldiari eta Zarauzko Frontoi Txikin izango da, 18:30ean; eguraldi txarra egiten badu, Gaztelekura lekualdatuko dute. "Artistaren inguruan erromantizazio bat sortu da, hau da, ttirrittarena. Ukatuz inurri garenik, hau da, langile garenik. Inurria ttirrittaka hori da. Gu ttirritta gara baina ez gara kontrajartzen inurriarekin, biak gara. Lana egiten dugula ukatzen zaigu eta guk hortan sakondu nahi badugu, gure lana monetizatzeko eskubidea izan behar dugu", azaldu du Amagoia Gurrutxaga kazetaria eta Lanartea elkarteko koordinatzaileak.

"Kalera atera"

Testuinguru honetan, "etxe barruan egindako lana kalera atera" nahi izan dute, hau da, aldarrikapenak gizarteratu. Lehen agerraldia Zarautzen erabaki dute egitea, baina Euskal Herriko hainbat eskualdetan burutuko den ekimen bat izango da. "Oso prekarizatuta eta atomizatuta" dagoen egoera bati buruz hitz egin nahi dela dio Gurrutxagak.

Agerraldirako gonbidapena herritar guztiei zuzenduta dago, baina Lanarteak bereziki tokian tokiko artistak gonbidatu nahi izan ditu: "Artista esatean, ez gaude soilik jendaurreko ekitaldietan parte hartzen dutenei buruz. Artista da sortzen edo interpretatzen duen oro, ez bakarrik jende aurrean dabilena. Edozein gizartetan kultura ezinbesteko tresna da kohesio sozialerako eta integraziorako. Guk kultura euskaratik egiten dugu, zeina subordinatuta dagoen, eta horrek azpiprekarizaziora eramaten gaitu", azaldu du Lanarteako kideak. Horregatik haien helburu nagusia da kultur arloko sortzaileak biltzea gaurko ekitaldian, baina baita euskal kultura kontsumitzen duten herritarrak ere, haien babesa eta bultzada ezinbestekoa delako duintasunaren bide horretan.

Arratsaldeko agerraldian, aldarrikapenaz gain, arteaz gozatzeko aukera ere izango da. Besteak beste, Jose Luis Otamendi eta Lizar Begoña idazleak eta Andoni Tolosa Morau musikaria bertaratuko dira Frontoi Txikira, ekitaldia girotzera.

Aurrerapausoak

Lanartea 2020an hasi zen kultur arloko sortzaileen diagnostikoak egiten. Hainbat sektoretan –literaturan, bertsolaritzan, zinemagintzan, itzultzaile lanetan, hala nola– aurkitu zituzten arazoak, eta horri aurre egiteko elkarte bat eratzea erabaki zuten. Diagnostiko horietan ikusten ziren arazoak detektatu ondoren, kultur sisteman eragina duten eragile publiko zein pribatuekin harremanetan jarri ziren beraien egoera ezagutarazteko eta laguntza eskatzeko.

Beste alde batetik, elkarteak proiektu ezberdinak burutu ditu azken urteetan aurrerapausoak emateko. Aurten, entzunezkoen saileko Argia saria irabazi du Ez gatoz Paristik podkastak; euskaraz kultura egiten duten langileen baldintzak ezagutarazteko Lanarteak sortutako saioa da.

2022an, berriz, Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte kaleratu zuten, zazpi artistaren bizipenak jarraitzen dituen dokumentala. Durangoko Azokan ere izan dira gaur egungo euskarazko kultur sistema nondik datorren eta bere oinarriak kontatzen dituzten bi liburu aurkezten: 2022an Laineza lanarekin eta iaz Profesionalak izan ginen urtea. 1976 izenekoarekin.

Zailtasunak administrazioko betebeharretan

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen eginkizuna hasiera batetik, arazoak detektatu eta hauek ezagutaraztea izan da. Ondoren, dagokion arazo bakoitzaren aurrean, zer eskatu edo proposatu dezaketen jakitea, arazo hori hobetzeko helburuarekin.

Gurrutxagak momentu honetan esku artean dituzten erronken inguruan mintzatu da: "Dagoeneko lanketa bat egin dugu elkarte barruan: Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Galtzagorri Elkarteak, alegia, sortzaileok. Mahai bat sortu dugu, eta gure sektore guztietan agerikoa den arazo bat fiskalitatea eta betebehar administratiboa direla detektatu dugu".

Sortzaileak plazara irten eta beraien mesederako baino kontrarako izaten ari dela nabarmendu du elkarteko koordinatzaileak. "120 euroko hitzaldi bat kobratzeko, sei izapide bete behar dituzu… Astakeria bat da! Jendea ekitaldiak egiteari uko egiten hasi da. Eta horrela, denok galtzen dugu kapital kulturala", jakitera eman du kezkatuta.

Osatu duten lanketaren bitartez ondorioztatu dutenarekin, prozesu bat ireki dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta orain Nafarroara ere eramango dute. Aurrera eraman nahi duten negoziazio horretan, aipatu betebehar administratibo horiek burutzeko prozesua "erraztu eta arrazionalizatu" nahi dute.

"Ekitaldien antolaketa beste bitartekari batzuen esku uzten denez, geroz eta zailagoa da pertsona arruntek ekitaldiak antolatu ahal izatea. Nolabait esateko, horretarako aukera izatea. Aldi berean, artistek eskatzen zaizkien betekizun fiskal eta administratiboak betetzeko prozesua gero eta konplexuagoa da", azpimarratu du Gurrutxagak.

Modu horretan, ekitaldien antolakuntza beste bitartekarien eskuetan geratzen dela zehaztu du. "Kultur sistemaren lehengaia, sortzen duenaren lanaren monetizazioa auzitan jartzen da eta lan baldintzak penagarriak izaten jarraitzen dute", gaineratu du Lanartea elkarteko kideak.