Donibane Lohizuneko "hilketa matxista" salatzeko biharko elkarretaratzeak deitu ditu Urola Erdiko Itaiak

Nerea Uranga 2024ko mai. 4a, 21:29

Itaiaren pankarta bat.

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan deitu ditu protestak bihar.

Atzo emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko hotel batean (Lapurdi), eta poliziak emakumearen bikotekidea atxilotuta du. Urola Erdiko Itaiak Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du bihar, igandea, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelo hartuta. "Indarkeria matxista aurrekariak zituen gizonezko batek bere emaztea erail du Donibane Lohizuneko hotel batean", salatu du Urola Erdiko Itaiak biharko protestetarako egindako deialdian. Azkoitian (13:00etan), Azpeitian (13:00etan) eta Zestoan (19:00etan) deitu ditu mobilizazioak bihar.