Gipuzkoa Bertsotanen Orioko saioa gaur egingo dute, Arraunetxen

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 3a, 10:14

Aitor Salegi bertsotan, atzo, Zaldibian. (GBE)

19:00etan hasita, Beloki, Igartzabal, Lasarte, Bergaretxe, Iguaran eta Berrizbeitia ariko dira bertsotan. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak eta Aitor Salegi zestoarrak irabazi zituzten atzo Altzoko eta Zaldibiako saioak, hurrenez hurren. Arrizabalaga eta Izagirre azkoitiarrak Legorretan ariko dira gaur.

Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea, bigarren astean da eta eskualdera itzuliko da gaur. Joan den astean Zestoan egindako saioaren ostean, Oriok hartuko du Gipuzkoa Bertsotanek Urola Kostako herrietan egingo dituen hiru geldialdietatik bigarrena; maiatzaren 9an izango da hirugarrena, Getarian.

Eskualdeko 21 bertsolari daude sailkapen fase honetako partaideen zerrendan, baina horietako inor ez da ariko gaur arratsaldean Orion. Hala ere, ikusmina sortu du A multzoaren barruan jokatuko duten saioak, eta horren erakusle da tokiz aldatu behar izan dutela; Kultur Etxean iragarri bazuten ere, azkenean Arraunetxen egingo dute. 19:00etan hasiko da bertso saioa eta sei bertsolari hauek kantatuko dute bertan: Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Arnaitz Lasarte, Axier Bergaretxe, Beñat Iguaran eta Martin Berrizbeitia. Ane Ezenarro izango da gai jartzailea.

Orion ez ezik, Legorretan ere saioa izango da gaur, B multzokoa, eta han kantatuko dute Naia Arrizabalaga eta Unai Izagirre azkoitiarrek

Gurrutxaga eta Salegi irabazle

Atzo hasi zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko bigarren astea. Altzon eta Zaldibian egin zituzten saioak, eta bietan eskualdeko bertsolariak gailendu ziren: Jon Gurrutxaga azpeitiarrak irabazi zuen Altzoko saioa, eta Aitor Salegi zestoarrak Zaldibiakoa. Guztira, Urola Kostako sei bertsolari aritu ziren atzoko bi saioetan.

Altzon, A multzoko saioan, Gurrutxaga 332 punturekin gailendu zen, bigarren sailkatu zen Eneritz Artetxe azkoitiarrari (327) bost puntuko aldea aterata. Iker Ormazabalek (314), Manex Mujikak (308), Mikel Etxezarretak (296,5) eta Danel Olano getariarrak (295) osatu zuten sailkapena. Zaldibian, berriz, Salegik 324 punturekin irabazi zuen B Multzoko saioa; zestoarren atzetik hurrenkera honetan sailkatu ziren Manu Goiogana (318,5), Antton Aizpurua (306), Uxue Alkorta zarauztarra (294), Ander Zulaika (292,5) eta Irati Arakistain zumaiarra (245).

A multzoan hiru saio jokatuta eta jokatzeko beste hiru gelditzen direnean, Gurrutxaga bigarrena da multzoko sailkapenean, Zestoan irabazi zuen Haizea Aranaren (333) atzetik; Libre Goenaga getariarra laugarrena da (329,5) eta Artetxe bosgarrena. B multzoan, beste horrenbeste saio jokatuta eta jokatzeko daudela, Salegi ere bigarren tokian dago, saio guztiak kontuan hartuta orain arte puntu gehien batu dituen (360,5) Maider Arregiren atzetik.