Garaian garaikoa jateko unea

Mireia Galarza Bastida 2024ko mai. 2a, 15:00

Iazko Antxoa Eguna. (Onintza Lete Arrieta)

Asteburu honetan antxoa izango da protagonista Getarian. 2011. urteaz geroztik antolatzen duten festa da asteburukoa, eta "bertako antxoa sustatzea" du helburu. 

Herriko produktua sustatzeko asmoarekin, 2011. urtean ospatu zuten lehendabizikoz Getarian Antxoa Eguna. Hala adierazi du Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak: "Gure anaia arrantzaleek egiten duten lana aitortu nahi genuen, eta, aldi berean, jendeak antxoa probatzea eta sustatzea, ikusteko zer opari dugun gure etxeetatik ez oso urrun".

Harrezkeroztik, hamairu urte igaro dira, eta Urrestiren hitzetan, "hitzordu garrantzitsua" bihurtu da herrian antxoarena. Egitarauko lehen ekintzak aste hasieran egin bazituzten ere, bihar hasiko da festa herrigunean. XII. Zilarrezko Antxoa aipamenak egingo dituzte eguerdian Balentziaga museoan, eta bertan, ohi bezala, arrantzaren inguruko hiru norbanako edo talde omenduko dituzte. Omenduei buruz datu gutxi aurreratu du Urrestik, "sekretupean" gordetzen baitituzte horien identitateak, baina zertxobait kontatu du horiei buruz: "Hiru omendu izango dira aurten ere. Sarietako bat ostalaritza munduan dihardutenei ematen diegu, zuzenean lotuta baitaude gure produktuekin. Normalean, adineko jendea izaten da, egindako ibilbidea aitortu nahi izaten baitiegu. Bestalde, itsas munduarekin lotura dutenak omentzea ere gustatzen zaigu, arrantzaleak ez direnak baina mundu hori ezagutzen dutenak: zientzialariak, biologoak... Azkenik, bertako elikagaiei bezala, hemengo edariei ere azpimarra egin nahi izaten diegu, eta, horregatik, aurten sagardotegi-upategi bati egingo diogu aitortza".
 
Hori amaituta, eta arratsaldeko hitzorduari begira jarrita, Kofradiako presidenteak azaldu du momentu "paregabea" dela garaiko produktua txakolin pixka batekin laguntzeko. "Inguruko herrietatik ere etortzen da jendea, edozeinentzako moduko plana baita. Gainera, ostirala izanda, asteburua ondo hasten laguntzen du", gehitu du irribarrez getariarrak. 

Aldaketa gutxi

Lehen edizio hartatik hamarkada bat baino gehiago igaro den arrean, egitaraua "gutxi" aldatu dela azaldu du Urrestik. Haren aburuz, jendeak "ondo" pasatzen du, eta hori horrela izanda, "ez du merezi aldaketa nabarmenak egiten hasterik". Herritarrek atsegin dituzten ekintza horien artean, abesbatzen kontzertuak aipatu ditu Kofradiako presidenteak. "Herrian, kanturako zaletasun handia dago, eta horregatik, egitarauan beti sartzen dugu abesbatzaren baten emanaldia; aurten, adibidez, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 54. edizioa irabazi duen Suhar abesbatza izango dugu gurean".  

Ohiko ekintzez gain, baina, izango da berrikuntzarik aurtengo Antxoa Egunean. Hain zuzen, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontzia ekarriko dute Getariara, herritarrek aukera izan dezaten telebistan edo sare sozialetan ikusten dutena aurrez aurre ikusteko. Getariarrak nabarmendu du pare bat hilabete lehenago hasi ohi direla asteburuko ekintzak antolatzen.

Egitarauaz gain, herri arrantzaleen arteko lanaz ere jardun du Urrestik. Haren esanetan, udaberrian arrain askoren egunak ospatzen dituzte kostako herrietan, eta hori dela eta, "garrantzitsua" da ahal den neurrian beti bakoitzaren ospakizun egunak errespetatzea. "Hemendik astebetera Ondarrun [Bizkaia] ospatuko dute Antxoa Eguna, eta jarraian Bermeon [Bizkaia]. Hegaluzearen edota bisiguaren egunak ere ospatzen dituzte hainbat herritan, azken horrena, urrutira joan gabe, Orion. Horregatik, ezinbestekoa da lankidetzan aritzea, elkar ez zapaltzeko", nabarmendu du. 

Herri parte hartzailea

Horrelako egun baten antolaketaren atzean, ezbairik gabe, boluntarioen lana dago, eta Getarian badakite ederki hori. "Guk zerbait baldin badakigu, herriaren alde lana egiten dakigu, eta Antxoa Egunean ere garbi ikus daiteke hori". Guztira, 80 bat lagun aritzen dira lanean egun horretako zereginetan: antxoak garbitzen, horiek zerbitzatzen, txartelak saltzen, parrilan lanean... "Denentzako dago lana", gehitu du Urrestik. Horrez gain, herriko hainbat taldek ere parte hartzen dute asteburuko ekintzetan: abesbatzak, dantzariek, txistulari taldeak...

Urrestik berak ere eguna gustuko duela dioen arren, "dena pasatzeko gogoa" ere izaten duela azaldu du: "Dena ondo ateratzea nahi izaten dugu, eta horrek tentsio puntu bat ere eragiten du. Dena amaitu eta ondo atera dela ikustean hartzen dugu arnasa lasai". Hitzorduaren atarian, Kofradiako presidenteak herritarrak animatu ditu balkoiak apaindu eta asteburuan arrantzalez janztera. "Eguraldiak laguntzen badigu, ziur guztiok primeran pasatuko dugula hitzordu berezian", gehitu du. 

Azken asteko antxoa, «tamaina ederrekoa»

Martxoaren hasieran ekin zioten baxurako arrantzaleek denboraldiari, eta ordutik antxoa harrapatzen ari dira Getariako eta Orioko arrantza ontziak. Edonola ere, Urrestik azaldu duenez, lehen bi hilabete horietako antxoa «txikia» izan da, eta azken astean ari dira arrantzatzen «bolumen polita duten antxoak».   
Dena den, Getariako Kofradiako presidentea, «alderatzeko datuen faltan», ez da ausartu oraindik aurtengo datuak  iazkoekin erkatzen, eta gehitu du oraindik pixka bat falta dela antxoaren kanpaina amaitzeko: «Gutxi gorabehera ekainaren bigarren astean amaituko da antxoa denboraldia, eta orduan edukiko ditugu guk ere datuak osotasunean landu ahal izateko.

Egitaraua, osorik

OSTIRALA

12:30. XII. Zilarrezko Antxoaren aipamenak, Balentziaga Museoan.
18:30. Musika Eskolako trikitilariak, eta Gure Txeru elkarteko dantza taldearen emanaldia, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta.
Ondoren, EinGO taldeak girotuko du arratsaldea. ­
19:00‑21:00. Antxoa dastaketa, frontoian musikaz girotuta: antxoa parrillan, txakolinarekin, sagardoa txotxetik eta artisau garagardoa.

LARUNBATA

10:00-14:00. Saregileen lanaren erakusketa.
10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. Izen-ematea beharrezkoa.
11:00. Antxoa Eguneko VI. Bela Estropada.
12:00 eta 13:00. Uztartzeak: Txakolina eta baxurako arraina. Izen-ematea beharrezkoa.
12:30-14:00. Antxoaren artisau-kontserba tailerra, Mater itsasontzian.
16:00-18:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. Izen-ematea beharrezkoa.
18:00. Euskal Mitologia haur jokoak, frontoian (giro txarra egingo balu, Kiroldegian).
20:30. Suhar abesbatza, Salbatore Deunaren elizan.
Izan Arrantzale egitasmoa, 6 eta 12 urte arteko umeentzat, portuan:

10:00-11:30. Itsas eskulanak.
11:30-12:30. Itsas esperimentuak.
12:30-14:00. Arrantza tailerra.

IGANDEA

10:00. Arrantzaleen meza, Getariako abesbatzak abestuta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
Ondoren, Itsas Bedeinkapena, Artzapen. Jarraian, itsasoko arrantzale erretiratuei omenaldia. ­­
11:00. Gipuzkoako Trainerilen ligako 3. jardunaldia, XII. Antxoa Eguna bandera.
10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. Izen-ematea beharrezkoa.
12:30-14:00. Antxoaren artisau kontserba tailerra, Mater itsasontzia. Izen-ematea beharrezkoa.
18:00. Urrezko aizkora, frontoian. Bitartean, Deiadar txaranga kaleak girotzen.