Hirugarrenez jokatuko dute Nerea eta Andoniren Oroimenezkoa

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 1a, 08:00

Iazko txapelketako partaideak eta antolatzaileak. (Maria Maya Manterola)

Pala txapelketa mistoa ekainaren 1ean jokatuko da Getariako frontoian, eta izena emateko epea bihar bertan zabalduko dute.

2021ean zendu ziren Nerea Iribar eta Andoni Galarraga getariarrak, eta haiek gogoratzeko, pala txapelketa antolatzen dute 2022tik haien lagunek. Aurten hirugarrenez egingo dute Nerea eta Andoni III. Pala Memorialean, eta izena emateko epea bihar bertan zabalduko dute, maiatzaren 2an.

Txapelketa ekainaren 1ean, larunbatarekin, jokatuko dute herriko frontoian. Ohi bezala, egun bakarreko jardunaldia izango da: 09:30ean hasiko da lehia, eta 15:00 alderako amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek.

Txapelketan parte hartzeko arauak aurreko urteetako berberak dira: 16 urte baino gehiago edukitzea eta bikotea neska eta mutil batek osatzea. Partida guztiak kanporaketak izango dira; hau da, partida irabazten duen bikoteak aurrera jarraituko du, eta galtzen duena kanporatuta geldituko da.

Gehienez hamasei bikotek parte hartu ahalko dute txapelketan, eta hala, guztira gehienez hamabost partida izango ditu Nerea eta Andoniren Oroimenezkoak: final zortzirenetako zortzi partida , final laurdenetako lau partida, finalerdietako bi, eta azkenik, finala. Partaide kopuruaren arabera, gainera, partidak 10, 12 edo 16 tantora jokatuko dituzte.

Ohi bezala, txapelketa amaitzean hamaiketakoa egingo dute denek elkarrekin, eta irabazleentzat sari txiki bat ere egongo da, txapelketaren laguntzaileek emandakoa.

Iaz hamabi bikotek parte hartu zuten lehiaketa berezi horretan, eta Aitor Andonegi eta Karmele Martinez izan ziren garaileak.

Izen-ematea

Ohi bezala, doakoa da pala txapelketan parte hartzea, eta izena korreo elektroniko bidez eman beharko da, palamemoriala@gmail.com helbidera idatzita. Bihar hasita, hilabete osoa izango dute herritarrek izena emateko, epea maiatzaren 31n amaituko delako; txapelketa jokatu bezperan, hain zuzen.

Epea hilabetekoa izan arren, antolatzaileek zehaztu dute izen-emateak ordenaren arabera onartuko dituztela. Hau da, izen-ematen lehenak diren hamasei bikoteek hartu ahalko dutela parte txapelketan.

Izena ematean, bi partaideen izen-abizenak zehaztu beharko dira, baita harremanetareko telefono zenbaki bat ere.