118 bikote lehiatuko dira Getariako XXVI. Salbatore Txapelketan

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 28a, 15:00

Getariako XXVI. Salbatore Txapelketaren aurkezpena. (Mireia Galarza Bastida)

Hain zuzen ere, 118 bikote horietatik 41 kadeteak izango dira, beste horrenbeste jubenilak, eta 36 bikote 23 urtez azpikoak. Getariar bakar bat ariko da txapelketan, Manex Alvarez.

Urtero bezala, hemen da Pilotako Gizonezkoen XXVI. Salbatore Txapelketa. 100 bikoteren langa igarota dator aurtengo pilota festa, 118 parerekin,  eta hori "pozarren" bizi dute Gure Txeru Pilota Elkarteko kideek. Xabier Etxaniz taldeko kidearen arabera, duela bi urte ez ziren kopuru horretara iritsi, eta aurreko urtean zenbateko hori lortu bazuten ere, "XXV. urteurren bereziagatik" izan zelakoan dago Gure Txeruko kidea. "Nagusien kategorian ez genuen adin mugarik jarri, eta horregatik eman zuen izena horrenbeste jendek". 

Aurtengo txapelketari buruzko xehetasunak ere eman ditu Etxanizek. Hain zuzen ere, 118 bikote horietatik 41 kadeteak izango dira, beste horrenbeste jubenilak, eta 36 bikote 23 urtez azpikoak. Horiek Gipuzkoako 21 taldetako, Bizkaiko hamar taldetako, Arabako talde bateko, Nafarroako 13 taldetako eta Errioxako (Espainia) hiru taldetako bikoteek osatuko dituzte, tartean Getariako nahiz eskualdeko pilotariek. 

Lehen partida maiatzaren 6an jokatuko dute, eta estreineko partida horretan ariko da txapelketan parte hartuko duen getariar bakarra: Manex Alvarez. Gure Txeruko ordezkariek apropos jarri dute Alvarez lehen partidan, getariara izanik garrantzia eman nahi izan diotelako horri. Dena den, Getariaren izenean beste bi pilotari ere ariko dira: Aiestaran eta Esnal.

Egutegia moldatzeko beharra

Maiatzaren 6an hasi eta txapelketako partidak, ohi bezala, astelehen eta asteazkenetan jokatuko dituzte Getariako frontoian, 18:30ean -txarra eginez gero kiroldegian izango dira-. Parte hartzea handia izanda, ordea, beste egun bat ere gehitu dute egutegian partidak jolasteko, eta horregatik, ekainaren bigarren hamabostalditik aurrera, ostiral (18:30) eta larunbat (18:00) arratsaldetan ere izango dira lehiak. Egunero hiru norgehiagoka jokatuko dituztela azaldu du Etxanizek, eta finalak abuztuaren 6an jokatuko dituztela, Salbatore Egunez. 

Gizonezkoen txapelketaz gain, emakumezkoena eta haurrena ere egosten ari direla gehitu du Gure Txeruko kideak. Emakumeen VII. Salbatore Txapelketako izen ematea laster irekiko du taldeak, eta izena ematen duten bikoteen arabera zehaztuko dute egutegia. Finala, aldiz, abuztuaren 4an izango da. Umeen IX. Elkano Saria, berriz, ekainaren 15ean hasiko dute, eta finala abuztuaren 3an izango da.