Anoa Gune Urdina, aldarrikapenerako txokoa

Nerea Uranga - Intza Trula 2024ko mai. 4a, 12:00

09:30ean abiatu da Marera Urdinak antolatutako Trail Martxa Urdina Azpeitiko plazatik, inguruko guztien animoen eta txaloen artean. 10:30 aldera heldu dira Ikasberri ikastolara, Anoa Gune Urdinera; bertan, inklusioaren aldarrikapena irakurri eta sentsibilizazio jolasak egin dituzte. Horrez gainera, umeek puzgarriez gozatzeko aukera ere izan dute.

Goizean goiz, 08:00etan, hasi dute Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren hirugarren edizioa, eta ordu erdi geroago, 08:30ean, abiatu dira Domusa Teknik 15 MLK proban parte hartu dutenak. Marea Urdinak antolatutako Trail Martxa Urdina jendetsuak, berriz, 09:30ean ekin dio bideari, barandaren atzean zeuden guztien animoen eta txaloen artean. Aurreikusita zuten moduan, 10:30 aldera heldu da martxa Ikasberri ikastolara, Anoa Gune Urdinera, eta behin helmuga igarota, inklusioaren aldarrikapena irakurri eta sentsibilizazio jolasetan parte hartzeko aukera izan dute haurrek zein helduek. Halaber, umeek puzgarriez gozatzeko aukera ere izan dute.

Honakoa da Marea Urdinak egin duen inklusioaren aldarrikapena:

"Zorionez berriro hemen gara bideak urdintzen. Bereziki, bide bihurriei jarri diegu arreta oraingoan ere, baina ondo erakutsi duzue guztiok zailtasuna oztopo bihurtu beharrean, erronkan eraldatzen dakizuela. Bakoitzaren indarrak batuz, Trail Martxa Urdin hau burutu dugu. Bakoitzak ditugun erronkei helduz baina elkarren zaintza aldarrikatuz, beti gure leloa zabalduz: Bakarrik joanda bizkor zoaz baina, urrun iristeko lagunak behar! Bizitzan bide ezberdin ugarirekin topo egin dugu. Bakoitza zoragarria, ametsez betea. Gutako bakoitzak, dituen ezaugarriekin, eskubidea dugu bide horiek zeharkatzeko, hauek dakarzkiguten mundu zoragarrietan murgiltzeko eta helmugara iristeak ematen duen poztasuna bizitzeko. Baina momentu oro, utzi ditzagun aztarna urdinak gure ibilbidean, ondorengoek jarrai ditzaten".

Egitaraua 

Kirola eta festa uztartuko ditu aurten ere Domusa Teknikek eta Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako mendi lasterketak. Horregatik, lasterketaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte gaur egun osorako.

Gaur, larunbata.

  • 6:00-7:30. Dortsal banaketa Azoka Plazan.
  • 07:30. Korralitoa.
  • 07:45. Korrikalari esanguratsuen aurkezpena.
  • 08:00. Domusa Teknik 40 MLK irteera.
  • 08:30. Domusa Teknik 15 MLK irteera.
  • 09:30. Trail martxa urdinaren irteera.
  • 10:35. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalaria helmugan.
  • 13:45. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalaria helmugan.
  • 17:00-21:00. Oihan Vega plazan.
  • 20:30. Elektrotxaranga (antolatzailea: AZTE)
  • 20:30. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongi etorria.
  • 21:00. Sari banaketa plazan.
  • 23:00. Sanagustien Anestesiaren kontzertua (antolatzailea: Kulturaz).

GUNE URDINEAN

  • 09:30. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalariari ongietorria. 
  • 11:00. Trail martxa urdinaren iritsiera eta inklusioaren aldarrikapen irakurketa.
  • 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak.
  • 11:00-18:00. Atracciones Sanzen puzgarriak.
  • 12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
  • 12:00-16:00. Eusko Labelen eskutik pintxo eta edariak.
  • 17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.