Errota, urte askotako altxorra

Iraia Oteiza (Gipuzkoako Hitza) 2024ko mai. 3a, 10:41

Gipuzkoako Erroten III. Eguna izango da bihar, eta Azpeitian egingo dute topaketa nagusia. Hainbat jarduera antolatu dituzte horretarako, erroten historia eta funtzioa ezagutarazteko asmoz.

Errotak Gipuzkoako ondare historikoaren, teknologikoaren, antropologikoaren eta etnografikoaren parte dira. Garrantzi handia izan dute urte luzez; lurraldeko garapen sozial, ekonomiko eta industrialean, batik bat. Izan ere, iraganean gipuzkoarrek bizitzeko eta elikatzeko zuten moduaren adierazle dira. Hain justu, errotek lurraldean izan duten garrantzia kontuan hartuta, Gipuzkoako Erroten Eguna antolatzen du duela bi urtetik Ihurrita Errota elkarteak. Errotak barrutik ezagutu, daukaten funtzioaren berri eman eta haien historia ezagutarazteko antolatzen dute eguna. Lehen aldiak izandako arrakastaz jabetuta, iaz ere egin zuten Erroten Eguna, eta bihar ospatuko dute hirugarrenez. Beste herri batzuetan ere zenbait ekintza antolatu dituzten arren, Azpeitian egingo dute aurtengo topaketa nagusia. Biharko egunaz gain, askotariko jarduerak prestatu dituzte maiatzaren 8rako eta 12rako.

Tailerrak, errotetarako bisitak, erakusketak eta hitzaldiak izango dira egitarauaren barruan. Bihar, 10:00etan ekingo diete jarduerei, Azpeitiko udal ordezkariek ongietorria eginda bertaratutakoei, Basazabal jauregian, eta, segidan, Alex Rotetak emango ditu egitarauaren gaineko azalpenak. 10:30ean, Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kideak Azpeitiko errotak izeneko hitzaldia emango du. Juaristi ingeniari lanetan aritu da urte luzez, eta, esan duenez, "errotek makina moduan duten funtzionamendu ezin hobea" zein den azalduko du hitzaldian. "Harrigarria da duela zortziehun urte baino gehiago sortutako mekanismo batek gaur egun zenbateko indarra duen oraindik". 11:30etik aurrera, bisitak antolatu dituzte, Azpeitiko Toberagileko eta Igarako errotetara joateko.

Irakurri erreportajea osorik Gipuzkoako Hitzaren webgunean.