Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketak alaituko ditu maiatzeko larunbatak Azpeitian

Maialen Etxaniz 2024ko api. 30a, 10:36

Udaleko eta AZTEko ordezkariak, lehiaketan parte hartuko duten musikariekin batera. (Azpeitiko Udala)

Larunbatean hasiko da Elektrotxaranga lehiaketa, Elektrotxufla taldearen emanaldiarekin. Maiatzaren 11n, 18an eta 25ean izango dira gainerako hitzorduak. Epaimahaia Azpeitiko hainbat musikarik osatuko dute, eta irabazleak 6.000 euroko diru saria jasoko du. 

Bueltan da Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketa. "Aurreko bi edizioek izandako arrakasta ikusita" erabaki dute lehiaketaren hirugarren aldia antolatzea Azpeitiko Udalak eta AZTE Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "kaleko giroa sustatzea" da lehiaketaren helburuetako bat. Larunbatean, maiatzaren 4an, hasiko da Euskal Herriko III. Elektrotxaranga Lehiaketa, Elektrotxufla taldearen emanaldiarekin

Hurrengo hiru larunbatetan, berriz, bina elektrotxaranga ariko dira kaleak musikaz alaitzen. Maiatzaren 11n, Game of Txarangaren eta Hamarruren txanda izango da; maiatzaren 18an, Patxangoi eta Elektrokela ariko dira eta maiatzaren 25ean Xaukena eta Ostikada. Beste urteetan bezala, bi txandatan ariko dira elektrotxarangak: 19:00etan hasiko da lehen taldea eta 20:30ean bigarrena. 

Epaimahaiak ekainaren hasieran jakinaraziko du nork irabazi duen aurtengo lahiaketa. Talde irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du. Horrez gain, saninazioetan emanaldia eskaini beharko du. Azpeitiko hainbat musikarik osatuko dute epaimahaia, eta honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan: "Musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara eta parekidetasuna". 

Elektrokelak irabazi zuen 2023ko Euskal Herriko Elektrotxaranga lehiaketa. Aurreneko edizioan, berriz, Elektrotxufla izan zen nagusi.

III. Elektrotxaranga Lehiaketaren egitaraua: 

  • Maiatzak 4: Elektrotxufla, 20:30ean, Perez Arregi plazatik. 
  • Maiatzak 11: Hamarru (19:00) eta Game of Txaranga (20:30).
  • Maiatzak 18: Patxangoi (19:00) eta Elektrokela (20:30). 
  • Maiatzak 25: Xaukena (19:00) eta Ostikada (20:30).