Hasi da Holz Und Blech musika jaialdia Azkoitian

Intza Trula 2024ko mai. 4a, 08:00

Zuhaitz Urain Zizu zena omentzeko jaialdia hasi zuten atzo arratsaldean Azkoitian, DJ ikastaroarekin, hitzaldiarekin, omenaldiarekin eta zenbait emanaldirekin. Gaur, berriz, DJ festa izango da herriko hainbat txokotan.

Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia abiatu zuten atzo arratsaldean Azkoitian, Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez. Azken urteetako legez, DJ ikastaroarekin abiatu zuten jaialdia, eta 16:45etik 18:45era bitartean musika elektronikoaren munduan saltseatzeko tartea izan zuten gerturatu ziren haurrek, gazteek zein helduek. Jarraian, 19:00etan, musika elektronikoaren panoraman ezagunak diren Joseba Beristain eta Mikel Iraeta azkoitiarrek beraien bizipenak partekatu zituzten aretora joan ziren guztiekin. Jaialdiko unerik bereziena eta hunkigarriena izan ohi dena bizi zuten jarraian; jende andana bildu zen Zizuren familiakoei egindako omenaldian. Ondoren, Aibofobiaren emanaldia eta Ope Loeben zuzenekoa izan ziren.

Gaur, musika elektronikoaz nonahi eta nolanahi gozatzeko aukera izango da Azkoitian. Euskal Herriko zein nazioarteko 40 disko jartzaile inguruk girotuko dituzte herriko tabernak, aretoak zein txokoak, 12:00etatik hasita bihar goizera arte. Hori horrela, besteak beste, Azkoitiko zein inguruko honako musikari elektroniko hauek osatuko dute gaurko eskaintza: Beba, Checkboyz, Dardara, Krakow, Lino, Mr. Soto, Munizzio, Murxi, Panda, Ulea, Xugua, Zatibi... Euskal Herriko eszena elektronikoan sona duten DJak ere izango dira musika jartzen, hala nola Balza, Depression, Galiano, Loreak, Costas, Borja S eta Vita V. Nazioarteko musikarien artean, berriz, honako artistek girotuko dute Azkoitia: Lumiere, Maya eta Javier Carballo. Emanaldiak plazan, Plazaberrin, Goiko Losa frontoian, Elkargunean eta Hika, Zurt, Txalintxo, Latz, Dean, Koxka, Etxeaitz, Ttakun eta Laja tabernetan izango dira. DJ saio bakoitzaren ordu eta leku zehatza jakin nahi dutenek holz_und-blech Instagram kontura jo dezakete.

Erlazionatuak