Jose Mari Flores: "Iaz 300 lagunek parte hartu zuten Gurutzetxoko krosean; bada zerbait"

Andoni Elduaien - Aitziber Arzallus 2024ko mai. 1a, 08:05

Floreagako festetan, Gurutzetxoko krosa egingo duten 40. aldia izango da gaurkoa. Jose Mari Floresek (Mutriku, Gipuzkoa, 1949) lau hamarkadetako gorabeherez hitz egin du, hura aritzen baita egun lasterketa antolatzen.

Floreagako festen barruan, Gurutzetxoko krosaren 40. edizioa izango da gaur. Nondik sortu zen krosa egiteko ideia?

Floreagako Gurutzetxo etxeko Manolo Epelde oso kirolzalea zen. Beti esaten zuen auzoan zeozer egin behar zela, eta bera izan zen lasterketa antolatzeko ideia izan zuena eta hau guztia martxan jarri zuena. Joxe Mari Juaristi Urrategik asko lagundu zion Epelderi, krosa antolatzeko udaletxean eta batean eta bestean dirua eskatzen eta, baita auzoan bertan bizi zen Jesus Mari Beristain garai hartako Diario Vascoko kronistak ere, ekintzak prentsan oihartzuna izan zezan. Aparteko intentziorik gabe hasi ziren krosa egiten, auzoko jendea pixka bat mugitzeko asmoarekin, baina poliki-poliki zabaltzen joan da, eta auzotik kanpoko jendeak ere hartu du joera Floreagako krosean parte hartzeko. Hiru lagun horiei eta auzoko beste hainbat kuadrillari esker izan du jarraipena krosak.

Beti Floreagako festen barruan egin izan al da krosa?

Urte asko dudakoak izan dira, krosa egin edo ez egin ibili izan gara, baina pandemiagatik egin gabe gelditu ginen urtean salbu, beste guzti-guztietan egin dugu azkenean. Egia esan, batzuetan kostatuta egin dugu; eskerrak auzoan badiren kuadrilla batzuk, emakume eta gizon gazte batzuk, edozer gauza aurrera ateratzeko gai direnak, nik zertxobait lagunduta.

Beti egin izan al da maiatzaren lehenean?

Bai, beti egin izan da egun bere an; nahiz eta aste tartean egokitu, beti egin izan da maiatzaren 1ean. Hartara, kanpoko jendeak ere badaki zein egunetan etorri eta egun horretan zer topatuko duen Floreagan.

"09:00etan izenak hartzen hasiko gara tabernan, eta krosa 11:00etan hasiko da"

Zuretzat zerk egiten du lasterketa berezi? Zer berezitasun ditu Gurutzetxoko krosak?

Orain lasterketa asko egiten dira han eta hemen, baina auzoan hasi ginenean, ez zen batere ohikoa gisa honetako lasterketak egitea; 5 urteko haurren lasterketarekin hasi eta 13-14 urtekoenera arte, adinez adin. Floreagan beti egin izan da horrela; alde horretatik, esan daiteke aurretik joan izan garela. Gero, umeek bukatzen dutenean, ohitura izaten da helduek ere beren lasterketa egitekoa, eta adierazgarria da korrika ateratzen diren guztiak emakumeak izaten direla; guk amen lasterketa deitzen diogu.

Urteetan jardun duzu lasterketa antolatzen laguntzen. Lasterketak berak izan al du aldaketarik urteotan guztiotan?

Aldaketa esanguratsurik ez, egia esan. Irteera eta helmuga puntuak aldatu izan ditugu, baina ibilbidea beti izan da bera, baita distantziak ere. Sasoi batean irteera puntua aldapan izaten zen eta orain gune lauan izaten da, baina lasterketaren funtsak hasierako bera izaten jarraitzen du.

DIego Garcia eta Floresen alaba, sari banaketan; atzean, Flores bera esatari lanetan. (Utzitakoa)

Azkoitian, mendiko auzoetatik aparte, Floreaga da festa propioak ospatzen dituen auzo bakarrenetakoa. Zer dira zuretzat Floreagako festak? Data hau gerturatu ahala, zerbait pizten al da auzotarron barruan?

Bertan bizi garenontzat egun bereziak dira hauek, eta guretzat pozgarria da auzoko jaietan horrelako kros polit bat egitea. Noski, auzoko festak gerturatu ahala, auzotarrok poztasuna sentitzen dugu barruan. Aurten, tabernarik ez dagoenez, ez dago ezer handirik, baina taberna zabalik izan den urteetan sekulako giroa sortu izan da bertan. Bertsolari eta herri kirolari onak etorri izan dira erakustaldiak egitera, eta guretzat oso ederra izan da auzo txiki honetara kanpoko jendea eta jende ezaguna etortzea.

Aurten 40 urte betetzen ditu Floreagako krosak, eta 40 urtek askorako eman dezakete. Urteotan guztiotan inguruko herrietako ume askok eta guraso askok ezagutuko zuten Floreaga auzoa krosari esker.

Dudarik gabe. Floreagako krosaz leku askotan hitz egin izan dute, besteak beste Arrate irratian, eta auzora etorri izan da jendea Gipuzkoako hainbat txokotatik; Mendarotik, Elgoibartik, Eibartik, Zestoatik, Azpeititik eta abar. Iaz 300 lagunek parte hartu zuten, eta bada zerbait.

"Oso pozgarria da gure auzo txiki honetara kanpoko jendea etortzea"

Lau hamarkada hauetako une gogoangarririk ba al daukazu buruan?

Gogoan dut urte batean Diego Garcia zena gonbidatu genuela eta ustekabean omenalditxo bat egin geniola. Berak ez zuen inondik ere espero; afaltzera etortzeko esan genion, eta sekulako sorpresa hartu zuen. Handik aurrera, urtero etortzen zen sariak ematera. Goenatxo ere behin baino gehiagotan etorri izan da, baita bertsolari onak ere. Gaur egun, berriz, auzokoa bertakoa da Joseba Diaz korrikalaria; aurten hura etorriko da sariak ematera.

Dena prest al daukazue?

Hau ez da Azkoitia-Azpeitia maratori erdia edo Donostiako maratoia. Floreagan jendeak egunean bertan izena ematen du; 09:00etan hasten gara izenak hartzen tabernan, eta 11:00 aldera lasterketak hasten dira. Agian ez da sistema onena eta agian egunen batean aldatu beharko dugu, baina oraingoz horrelaxe funtzionatzen dugu. Eskerrak lanerako jendea badagoen.