Etzi abiatuko dituzte festak Lajan

Intza Trula 2024ko mai. 1a, 09:00

Artxiboko irudian Santa Kutz auzoko Laja jatetxea.

Hiru egunetarako egitaraua prestatu dute aurten, eta horrenbestez, ostiraletik hasi eta igandera arte jai giroa nagusituko da Lajan. Mus txapelketa, ikuskizunak eta erromeria izango dira egun horietan, besteak beste. Halaber, Gurutze Santuaren eguna ospatuko dute etzi, ostirala, Azkoitiko Santa Kruz monasterioan.

Azkoitiko Santa Kutz auzoko Laja jatetxean jaiak ospatuko dituzte aurten ere, etzi hasi eta igandera bitartean. Helduentzako zein haurrentzako jarduerak izango dira egun horietan Lajan, guztien gozamenerako; hala nola mus txapelketa, ikuskizunak eta erromeria.

Hori horrela, etzi, ostirala, mus txapelketa jokatuko dute han. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu izena ematerakoan, eta lehen hiru irabazleek honako sariak eskuratuko dituzte: 600 euro eta txapela lehenengo sailkatutako bikoteak, 300 euro bigarrenak eta 150 euro eta bi ardo botila hirugarrenak.

Bigarren egunerako, larunbaterako, bazkaria antolatu dute, Jon Maia eta Julio Soto bertsolariekin batera. Iluntzean, berriz, afaria izango da jatetxean. Bi otorduetarako izena eman behar da aurretik, 943-85 14 12 zenbakira deituta. Afalostean dantzarako tartea ere izango dute joaten diren guztiek, Laja II.aren eta Lutxurdixoren erromeria izango baita bertan. Festak amaitzeko, igandean Julen Magoak eta Iago Magoak ikuskizuna eskainiko dute.

Gurutze Santuaren eguna

Halaber, Azkoitian, Gurutze Santuaren eguna ospatuko dute bihar, Santa Kruz monasterioaren eta auzoaren festa eguna. Horregatik, monasterioko elizan meza nagusia eta hamaiketakoa izango dira, 11:00etan.