Gurutzetxoko Krosak ehunka ume bilduko ditu beste urte batez

Ane Olaizola 2024ko api. 30a, 10:07

Gurutzetxoko Krosa, iaz. (Ane Olaizola)

Maiatzaren lehenarekin, 40. aldiz jokatuko dute lasterketa entzutetsua, 11:00etatik aurrera. Bertan parte hartu nahi duenak 09:30etik 10:45era artean eman beharko du izena, tabernan. Bihar amaituko dira Floreagako festak, umeentzako jolasekin.

Maiatza iristearekin batera, Gurutzetxoko Krosak hartu ohi du Floreaga auzoa, eta aurten, berezia izango da lasterketa, egitasmoak 40 urte betetzen dituelako. Ohi bezala, ehunka ume elkartuko ditu auzoaren barrenean egiten duten krosak, eta hura izango da Floreagako festetako ekintza nagusia.

Adinka banatuta egingo dituzte lasterketak, ordena honetan: umeak, gaztetxoak, aurrebenjaminak, benjaminak eta infantilak. 11:00etan izango da aurreneko krosa, eta bertan parte hartu nahi duenak 09:30etik 10:45era artean eman beharko du izena, tabernan.

Joan zen ostiralean hasi ziren Floreagako festak mus txapelketarekin, eta jaien barruan egingo dute biharko krosa ere. Festak borobiltzeko, berriz, puzgarriak, apar festa eta buruhandiak izango dituzte bihar arratsaldean.