Txikia IV.ak ezin izan du Vicente mendean hartu

Aitziber Arzallus 2024ko api. 27a, 21:23

Txikia IV.a eta Vicente gaur arratsaldean, Tolosako zezen plazan. (Ataria)

Hasieratik hartu du aurrea nafarrak, eta azkoitiarra ez da eroso sentitu. Lanerdietan lau minutukoa zen Vicenteren aldeko aldea; lanak amaitzeko, berriz, hamar minutu gehiago behar izan ditu Txikia IV.ak. 

Gaur arratsaldean 2.000 lagun inguru bildu dira Tolosako zezen plazan aspaldian izan den apusturik handiena ikusteko: Julen Alberdi Txikia IV.a eta Iker Vicente aizkolariak nor baino nor. 22 enbor ebaki behar zituen bakoitzak: 60 ontzako zortzi enbor eta hamalau kanaerdiko. Jokoan, berriz, aizkolari bakoitzak jarritako 7.000 euro.

Lehendabiziko aldea estrategian ikusi da: Txikia IV.ak kanaerdikoei egin die kolpe; Vicentek, ostera, 60 ontzakoei. Lehen lau enborrak bota ondoren, Txikia IV.ak 49 segundoko aldea ateratzen zion nafarrari; zortzina enbor ebakita, aldiz, hiru minutu eta zortzi segundo aurretik zen Otsagabiakoa. Lanerdietan, esan liteke apustua erabakita zegoela: 22 minutu pasatxo behar izan ditu Vicentek; 26 minutu pasatxo, Txikiak IV.ak.

Hortik aurrera, beste bat izan da erronka: Vicente gai izango ote zen lanak 50 minutuan bukatzeko. Baina ez; bete egin da hura ere. Azkenean, 51 minutu eta bost segundo behar izan ditu nafarrak, eta hamar minutu gehiago azkoitiarrak.

Denborak:

  • Lanerdietan. Vicente: 22.06 / Txikia IV.a: 26.13
  • Amaieran. Vicente: 51.05 / Txikia IV.a: 1.01.32

Iker Vicente gaur arratsaldean, Tolosako zezen plazan, lanak bukatu berritan. (Ataria)