Azkoitia eta artea erdigunean

Unax LarraƱaga 2024ko api. 27a, 18:47

Azkoitia erdigunean jarrita egin dute erakusketa Jon Andoni Martin, Kamila Rodriguez, Michele Abrego, Txelo Arango, Iosu Arrieta eta Gorka Larrañaga sortzaileek. Maiatzaren 12ra bitartean egongo da ikusgai, Portaleburu erakusketa aretoan.

Izarraizpeko zenbait irudigile Azkoitia erretratatzen erakusketa zabaldu zuten atzo Portaleburu erakusketa aretoan. Azkoitia ardatz hartuta, eta herriaren 700. urteurrena aitzakiatzat hartuz, hainbat motatako artelanak erakutsi nahi izan dituzte erakusketaren antolatzaileek.

Herria irudikatzeko ikuspuntu desberdinak erakutsi nahi izan dituzte, eta honetarako teknika desberdinak erabili dituzte sortzaile hauek, argazkilaritza esteniopeikotik hasi, eta eskuz egindako bitxietaraino. Hainbat motatako artelanak batuta, era inprobisatu batean, "funtzionatzen duen" erakusketa bat egitea lortu dutela diote, nahiz eta lan guztiz desberdinak izan, kontrajarria ez den espazio bat sortu dute.

Alde batetik, Jon Andoni Martinek ateratako argazki bilduma ikus dezakegu, argazkilaritza estenopeikoa deituriko teknika erabiliz egina. Bestaldetik, hainbat motatako margolanak ere badaude. Txelo Arango, Iosu Arrieta, Gorka Larrañaga eta Kamila Rodriguezen lanak ikus ditzakegu. Teknika desberdinak uztartuz, erakusketa heterogeneo bat eskaintzen dute, ilustrazioak, grabatuak zein bestelako margolanak espazio berdinean kokatuz. Azkenik, Michele Abregok eginiko bitxiak ere ikusgai daude, Gorka Larrañagaren diseinu grafikoak oinarritzat hartuta eginak.

Bertako sortzaileak bultzatzeko asmoz egin dute erakusketa, inguruan ditugun artistak erakustarazteko. 

Erakusketara bertaratu nahi dutenek horretarako aukera izango dute honako ordutegi honetan: aste egunetan 18:00etatik 20:00etara bitartean; larunbatetan, goizean 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.