Samiel Txiki eguna ospatuko dute datorren asteazkenean Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko mai. 3a, 16:00

Artxiboko irudian 2022ko Samiel Txiki eguna.

Herriko haurren krosa, meza eta dantzaldia izango dira egun horretan herrian. Halaber, hilaren 10ean, ostirala, Alaitsu musika eta dantza eskolako dantzariek Samiel Txiki eguneko emanaldia eskainiko dute.

Helduen zein haurren gozamenerako jarduerak izango dira datorren asteazkenean, hilaren 8an, Aizarnazabalen, Samiel Txiki jaien aitzakian. 17:00etan, herriko umeen krosa egingo dute, adinaren arabera banatuta. Behin lasterketa amaituta, domina emango zaie parte hartzen duten ume guztiei. 17:30ean, berriz, Samiel Txiki eguneko meza izango da, eta eguna borobiltzeko, 19:00etan, Joxe Mendizabal trikitilariak dantzaldia eskainiko du plazan.

Horrez gainera, hilaren 10ean, ostirala, Samiel Txiki eguneko emanaldia eskainiko dute Alaitsu musika eta dantza elkarteko dantzariek. 18:30ean jarri dute hitzordua, herriko plazan.