Lorezaintzako langile bat eta eraikinetako garbitzaile bat kontratatzeko deialdiak egin ditu Aizarnazabalgo Udalak

Nerea Uranga 2024ko mai. 2a, 09:40

Aizarnazabalgo udaletxea.

Lorezaintzako ofizial bat eta udal eraikinetako garbitzaile bat kontratatuko ditu, Lanbideren bidez. Garbitzaileen kasuan, lan poltsa ere osatuko du, eta eskaintzarako eskaera egiteko epea zabalik dago. Beste lan eskaintzarako epea astelehenean irekiko dute.

Aizarnazabalgo Udalak bi lan eskaintza egin ditu. Alde batetik, lorezaintzarako ofizial bat kontratatuko du hamabi hilabetetarako, Lanbideren diru laguntza baliatuta. Bestetik, udaleko eraikinen garbitzaile bat kontratatuko du, eta lanpostuan sortzen diren aldi baterako beharrak betetzeko lan poltsa sortuko dute.

Lorezaintzako ofizial lanposturako eskaintza hamabi hilabetekoa da, eta eskaerak maiatzaren 6tik 17ra bitartean aurkeztu beharko dira, Lanbideren bidez. Hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte: 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gazteagoak izatea, Lanbiden inskribatuta egotea, goi edota erdi mailako heziketa zikloetako edota batxilergoko titulazioa izatea eta gidatzeko baimena izatea. Euskaraz hitz egiten jakitea baloratu egingo dute. Hautagaien artean aukeraketa Lanbidek egingo du.

Udaleko eraikinetako garbiketako lanposturako langile bat kontratatzeko eta lanpostu horretan sortzen diren aldi baterako beharrak betetzeko lan poltsa osatzeko eskaintza ere egin du udalak, Lanbideren bidez. Kasu honetan, eskaera egiteko epea maiatzaren 1etik 10era bitartekoa da, eta Lanbiden egin beharko da. Aukeraketa Lanbidek egingo duela zehaztu du Aizarnazabalgo Udalak. Lan eskaintzaren xehetasunak honako dokumentuan aurki daitezke.